XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikus daitekeenez, oso eskari sinplea; erraza gertatuko zitzaion Etxeko Andreari hartan gustu ematea.

Baina uste ez bezala, oso jokaera arraroa izan zuen.

Bere baitan sartu eta jadanik ez zuela ezer nahi esan zuen, gurari guztiak ostu zizkiotela eta.

Bestalde, bazuen Etxeko Jaunak oso gogoko zuen hitz bat. Hitz labur bat zen: Milesker.

Ez zen oso hitz arrunta.

Belarrietan atsegin eta egoki ematen bazion ere, ahoan gustu txarra sortarazten zion.

Ongi zekien, proba egina baitzen.

Behin baten, Andreak zapatila pare bat bordatu zion oparitzeko, eta eman zizkionean esan zion: - Eta zer moduz eskerrak emango bazenizkit?.

Hasieran ez zuen ulertu zer esan nahi zuen eta barreari eman zion.

Berak, Etxeko Jaunak, hori esan...? Seguru txantxetan ari zela.

Baina ez zen bromatan ari.

Benetan hitz egiten zuen.

Ahaleginak egin behar zituela esan zion, zer sentitzen zen jakiteko.

Saiatuko zen, noski, horrek zoriontsu egiten bazuen.

Baina hitza eztarrian trabatzen zitzaion, eta ezingo zuela inoiz kanporatu pentsatu zuen.

Azkenean, ez zitzaion beste erremediorik geratu txu egitea baizik.